Santa Luzia Baseliza

Santa Luzia Baseliza

 
 

 

Zumarragatik Beasainera garamatzan bidean aurkitzen da. Auzoaren erdigunean eta udaletxetik gertu. Nabe bakarrekoa den eta oinplano angeluzuzena duen Santa Luzia elizak, sortzetik historian zehar asko aldatu bada ere, XV-XVI. mendeko arku zorrotzeko atari xumeari eutsi dio orain arte. Baseliza hau 1585. urtetik dago dokumentatua. 1620ko data duen kontratu batek erretaula eta Santa Luzia irudia margotzea eta horiei urre-kolorea ematea agintzen zion aguraindarra zen Prudencio Garcia de Andoain-i.

Baseliza honen inguruan egiten zen antzina Santa Luzia feria. 1726. urtera arte ez dago feriaren erreferentzia argirik; badakigu urte horretan Iruñeko gotzaina Ezkiotik igaro zela, eta emakume eta gizonezkoek gauak ermitan egiten zituztela ikusita, feria bertan egitearen aurka azaldu zela.

Santa Luzia Baseliza


 

Santa Luzia Baseliza

 

Gipuzkoako Batzar Orokorrak gotzainaren alde azaldu ziren eta Urretxuk feria bertan antolatzeko eskakizuna egin ondoren, 1727an Felipe II.ak emandako aginduaren bidez, Santa Luziako jaia Urretxura eraman zen. Hori dela-eta, Santa Luziako feria (abenduak 13koa) Urretxun egiten hasi ziren eta ondoren Zumarragan; gaur egun bi herrietan batera egiten da. Auzoko festa-egun nagusia San Pedro egunean, ekainaren 29an, izaten da.

Dorrearen burua 1697an egin zen harriz eta 1715 eta 1717 urteen artean Gabiriako hargin maisuak ziren Iturbe anaiek zenbait obra egin zuten arkupeetan, baita ur bedeinkatuaren ontzia eta bataiarria ere. Kanpandorreko erlojua 1730ekoa da, eta Gipuzkoako zaharrenetarikoa. Elizaren barrualdeko eraldatze handiei XVIII. mendean ekin zitzaien; zuraren ordez harria sartzea izan zen funtsean eraldatze hori. 1861eko uztailaren 21ean harri-erauntsi bat izan zen eta elizako teilatua txikitu zuen. 1872. urtean obra handiak egin zirela ere badakigu, 32.770 errealeko faktura ordaindu baitzen. 1882an berriz arkupean harri-losak ipini ziren, bertako plaka batean idatzita dagoen bezala. Korua artistikoki landuta dauden hiru arkuen gainean oinarritzen da. Koruaren azpian, bataiarria eta Doloretako Amari eskainitako aldarea daude.