Izazpi (973m)

Izazpi (973m)

 
 
Izazpi 973m

 

Gipuzkoa erdigunean dago ia mila metroko mendi hau, Zumarraga, Azpeitia eta Ezkio artean. Eguraldi ona eginez gero, tontorretik Kantauri itsasoa eta Pirinioak ikus daitezke.

Izenari dagokionez, lehen aipamena 1529koa da, eta “Amojonamiento de los términos de Velerayn entre Azpeitia e Çumarraga” mugarri-agirian agertzen da: "el dho çerro llamado Yçaspi" eta “en el termino llamado Yçaspi ydoya”. Aldaera horretaz gain, Izaspe ere erabili izan da, baina, Euskaltzaindiak 2008an erabakiaren arabera, gaur egun deitura ofiziala Izazpi da. Izenaren jatorriaz, eta kondairaren eremuan, J.M. Barandiaranek jasoaren arabera, Azpeitia aldeko tontorrak galdetu omen zion Ezkio aldekoari:

- Hi zer haiz?
Eta erantzuna:
- Hi, zazpi
Horrela sortu omen ziren Izarraitz eta Izazpi mendi-izenak.

 

Gurutzea. Tontorrean dagoen gurutzea 1948ko ekainean jarria da. Zeharretako besoan "Pakea eta Maitasuna" jartzen du.

Igotzeko abiapuntuak. Izazpira hainbat lekutatik igo daiteke: Zumarragatik (Antiguako baselizatik… 1h 30m); Mandubiako mendatetik (Kizkitza, Beotegi, Atxurtzaga, Lizarreta… 1h 45m); Urrestilatik (2 h; Aratz Errekatik 1h 30m); Ormaiztegitik (3h)… Baina, noski, guk Ezkiotik joan-etorria egitera gonbidatzen zaituztegu, bidea ongi seinaleztatua dagoelarik (denbora: 1h 20m). Pilotaleku eta elizaren arteko bidetik Santa Marina ermitara igo, handik Atxurtzagara (633 m), non garai batean herritarren batzarrak egiten omen ziren. Ezkerretik segi Agerrezabalgo txabolara eta gero Lizarretako txabolara (668 m); eta handik zuzen-zuzenean gora, edota, lasaiago, ipar-ekialdeko maldan gora.

Argibide gehiago (gaztelaniaz): www.mendikat.net/eu/com/mount/716