Itsasoko Herrigunea

Itsasoko Herrigunea

 
 

Gi-2632 errepidean Alegia auzoko bidegurutzean gora eginda iritsiko gara bertara. Herrigunea San Bartolome parrokiaren inguruan elkartutako etxeek osatzen dute. Parrokiaz gain, Pott Zeramika lantegia bisitatzeko aukera daukagu Itsason. Herrikoen bilgune gisa Itsasoko Ostatua dago plaza ertzean. Auzoko jai nagusia, abuztuaren 24an, San Bartolome egunean ospatzen da.

 


 

San Bartolome Parrokia

Itsason aipatzekoa da San Bartolome Eliza eta 1730. urtekoa den bere kanpandorreko erlojua, Gipuzkoako zaharrenetarikoa. Saloi oinplanoko eta altuera bereko hiru nabe eta gurutzadura gangaz estaliriko abside poligonala dituen eliza da. Nabearen lau atalak margoz apainduriko ertz-gangez daude estalirik. Angeluzuzeneko dorrea du elizaren oinaldean; eta barrenean arku zorrotzeko bi atez zulaturik dago. Arkiboltadun arku zorrotzekoa da portada nagusia, eta zurezko egitura duen arkupea du albo batean. Aurreko eliza gotiko baten hondarren gainean (portada nagusia harena da, erromanikotik gotikorako trantsizio garaikoa) beste eliza handiago bat eraiki zen XVI. mendearen lehen erdian. Aldare nagusiko erretaula 1575. urterako egina zuen Juan de Lizarazu eskultoreak. Absidean, azken afaria eta familia sakratua irudikatzen dituzten margoak daude. Kapera nagusi edo presbiterioa besterik ez zen, garai hartan, gurutzadura gangaz estalirik egongo; gainontzeko guztian, aldiz, teilatu zurajea agerian egongo zen eta, are gehiago, koru egitura, dorre edo kanpandorrearen burua eta alboetako hormen zatirik gehiena ere zurezkoa behar zuen izan.

Dorrearen burua 1697an egin zen harriz eta 1715 eta 1717 urteen artean Gabiriako hargin maisuak ziren Iturbe anaiek zenbait obra egin zuten arkupeetan, baita ur bedeinkatu ontzia eta bataiarria ere. Kanpandorreko erlojua 1730ekoa da, eta Gipuzkoako zaharrenetarikoa. Elizaren barrualdeko eraldatze handiei XVIII. mendean ekin zitzaien; zuraren ordez harria sartzea izan zen funtsean eraldatze hori. 1861eko uztailaren 21ean harri-erauntsi bat izan zen eta elizako teilatua txikitu zuen. 1872. urtean obra handiak egin zirela ere badakigu, 32.770 errealeko faktura ordaindu baitzen. 1882an berriz arkupean harri-losak ipini ziren, bertako plaka batean idatzita dagoen bezala. Korua artistikoki landuta dauden hiru arkuen gainean oinarritzen da. Koruaren azpian, bataiarri bat eta Doloretako Amari eskainitako aldarea daude.

 


 

Hilerriko gurutzea

Hilerrietako gurutzeak, gurutze-bideko XII. egonaldiko gurutzeak izaten dira. Gehienetan gurutze hauek hilerria bera baina zaharragoak izan ohi dira, hilerriak gurutzeen inguruan egin zirelako, baina zenbait kasutan beraien jatorrizko kokapenetik hilerrietara eraman ziren, XIX. mendean. Badirudi Itsasokoa ere tokiz aldatu zutela.
         Gaur egun hilerriaren erdi-erdian dago, eta Gipuzkoan ondoen kontserbatzen den eta apaingarri gehien duenetarikoa da. Hareharrizkoa da, oinarria piramide-enbor itxurakoa da, 24 cm-koa, eta gurutzeak 290 cm ditu guztira. Aurrealdean hainbat irudi ditu landuta: INRI idatzia, pasioko kaliza, arantzazko koroa zetroaz gurutzatua, Jesusen tunika, lantza eta kanabera esponjarekin, gurutzaturik eta sokaz lotuta, Pilatoren konketako pitxerra, oilarra, zigorraldiko zutabea bi zartailuz inguratua, hiru iltze, Santo Tomasen eskua, tenazak, bi eskailera, mailua, eta barrena-zulo eta zurezko ziriak.

 


 

San Lorentzo Bazeliza

Kizkitza baseliza aldera doan bide ondoan dago, Mandubiako mailora iristen zen mendiko antzinako bide bat markatuz, Oria eta Urolako isuraldeen arteko muga zena. Eraikuntza errektangeluarra da, eta lau isuriko teilatua du. Sarrerako atearen ondoan ur bedeinkatu ontzia eta harrian landuriko gurutze txiki bat daude. Aldarearen parean leiho bat du eta honen azpian “VIVA EL REY CAT” irakur liteke (“católico” izango zen ziurrenik). Barruan San Lorentzori eskainitako erretaula dago, harrizkoa aldarea (Arriarango apaizetxetik ekarria) dauka eta eusten dioten bi harriak Itsasoko Atingoena baserriko zutabeen oinarriak izan ziren garai batean. Zehaztu gabeko garai batean izurritea izan zen herrian, eta ermita hilerri bezala erabili beharrean suertatu ziren. 1977an zorua berritzean, hezur ugari aurkitu zen lurpean, eta zati batean lurra agerian utzi zen hezur hauei lur emateko. Gaur egun meza bat ospatzen da urtean, abuztuaren 10etik gertueneko igandean, arratsaldeko seietan. 50eko hamarkadara arte erromeria ere egiten zen meza ondoren, baina gaur egun galduta dago ohitura hau.

 


 

Pott Zeramika Tailerra

1993 urtean sortu zutenetik, Maite Salutregi eta Jone Urain artistek zuzentzen dute Pott Zeramika lantegia. Bertara hurbilduz gero, zeramikaz egindako era guztietako artelanak ikusi eta erosteko aukera izango dugu.

Harremanetarako