Santa Marina

Santa Marina

 
 

 

Hilerriari atxikia dago. Ezkioko erdigunetik bertaratu daiteke, plaza eta eliza artetik sortzen den bideari gorantz jarraituz. 1621ean Ezkioko bizilagunek Santa Marinaren omenez ermita eraikitzea erabaki zuten, eta horretarako Françisco Ygarçabal hargin azkoitiarra eta Domingo Salsamendi arotza kontratatu zituzten; 1624rako bukatua zuten beren lana.

Santa Marinari eskainitako baseliza hau Gipuzkoako Ondare Historiko-Artistikoaren katalogoan jasoa dago. Oinplano laukizuzeneko eraikuntza da, hiru isuriko teilatua du eta harlanduz eta harlangaitzez egina dago. Erretaula polikromatuak lau zutabe korintiar ditu eta erdian Santa Marinaren irudi modernoa dago. Eskuinean San Frantzisko Asiskoa ageri da, ezkerrean San Isidro eta goialdean Jesus haurra. Sabaitik zintzilik antzinako oliozko lanpara handi bat dago. Ur bedeinkatuarentzat hareharrizko bi ontzi ere badaude.

Santa Marina

Gobernuaren aginduz, 1810ean hilobiak ezarri ziren barruan, 22 nitxo guztira, baina 1813an tropa frantsesek ermita profanatu zuten. 1819an berriro bedeinkatu zuten. Orduan, higienearen izenean, teilatua kentzea proposatu zuen Gotzaindegiak, baina bizilagunak aurka agertu ziren, aterperik gabe lurperatzeari higuingarri iritzi zioten eta. Bizilagunek parrokiara eramanda zegoen Santa Marinaren irudia ermitara itzultzea ere eskatu zuten.Teilatua ez kentzea onartu zuen Gotzaindegiak, baina irudia parrokian geratu zen momentuz. Eta baseliza hau 1919 arte erabili zen hilerri gisa. Urte hartan, ermitaren eremua erdira murriztu zen, eta kendu zioten erdia erabiltzen da gaur egun hilerri moduan.

Bestalde, baselizan urte guztian meza bakarra ematen da, Santa Marina egunean, uztailaren 18an, alegia.

 

Anduaga Etxea

Zumarragara doan bide zahar baten ondoan dago ermita hau. Oso antzinako tradizioa duen lekua da, eta bertan eraikitako lehenengo parrokiarekin lotzen da. Egun hemendik ibilbide homologatuak daude seinaleztatuta, eta jende ugari ibiltzen da oinez, Ezkio inguruak ezagutzeko.

Gaur egun Santa Marina baselizaren eta kanposantuaren atzeko aldean atsedenerako eta naturaz gozatzeko parke atsegin bat aurkituko dugu. Bertan zuhaitzak, mahaiak, aulkiak eta edateko ur ona duen iturri bat ere topatuko ditugu.