San Miguel Goiangeruaren Parrokia

San Miguel Goiangeruaren Parrokia

 
 

XVI. mendeko parrokia hau lehenagotik zegoen eliza gotiko baten hondarren gainean eraikia izan zen, eta eliza hartatik zortzi arkibolta edo kapitel jarraitu dituen arku zorrotzeko ataria dago oraindik ere. Barrualdean garaiera bereko hiru nabe ditu, sekzio lau angeluarreko bi zutoin-ilarak banatutakoak.

Dorrea oinaldean dago eta dorrearen beheko zatiak leiho gotiko zoragarri bat du, erdiko zutabe batek erdibitzen duelarik. Horrek adieraz lezake eliza berarekin batera eraiki zela. Dorrea osatzen duten gainaldeko bi gorputzak XVII. edo XVIII. mendean eraikiak dira. Ohiturak dioenez, kanpandorrearen kanpai-hotsa Goierri guztitik entzuten da. Dorrearen alboan, 3 arku apuntatu dituen aterpetxo bat dago, eta aterpetxoaren barruko aldean elizarako sarrera diren bi ate aurkitzen dira; bakoitza izkina batean dago, eta dorretik gertuen dagoena da lehenagoko eliza gotiko hartatik mantentzen den ataria.

San Migue Goiangeruaren Parrokiko
San Migue Goiangeruaren Parrokiko Erretaula

Erretaula nagusia XVI. mendean Idiazabali erosi zitzaion erretaula errenazentista da eta aipagarriak dira San Migelen irudia eta Germano mendiko agerraldien erliebeak. Aurrealdean, beste bi aldare ere badaude, eta Arrosarioko Amaren eta San Juan Bataiatzailearen erretaula zoragarriak ikus daitezke.