Mandubizelai
Mandubizelai
Ezkio-Itsasoko udalerriko lurretan dago, Mandubiako bentatik abiatu eta Kizkitzako ermitara igotzen den bidean. Trikuaizti trikuharrietatik hurbil dago monumentu hau, beraz, bere indusketak megalito-gune honi (bereziki garrantzitsua bertan monumentu asko biltzen direlako) buruzko datuak osatzeko aukera eman du. Mandubiako bentaren parean dagoen baserritik irten eta ehizako postuak dituen zelaia ezkerretara utzi behar da; zelaia amaitzean, ilaran aurkitzen diren zuhaitzek basoari hasiera ematen diote. Alanbrezko hesiari jarraituz ezkerretara hartu behar da eta 50 metro ondoren, plaka duen monumentu bat ikusiko dugu. Behin Trikuaiztiko harriak gogorarazten zuten tontor baten berri izan ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia, Geografia eta Historia Fakultateko irakasleen laguntzaz, J.A. Mujika Alustizak zuzendutako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak subentzionatutako indusketa lanak hasi ziren. Hasierako garbiketak egin ondoren, agerian geratu zen tumuluaren gainazala, neurri txikiko basaltozko harkoskorrez osatua. Alboetara egin ahala neurri handiagoko blokeak, tumuluaren egituraren oinarria osatzen dutenak, ageri dira.
Izazpi mendiaren magalean, Atxurtzako atsedenlekua dago. Bertan mahaiak eta aulkiak daude. Urte guztian zehar mendizale ugari elkartu ohi da bertan. Ezkiotik, kanposantutik gora doan bidea hartuta iritsiko gara bertara; hemendik, alde batetik Kizkitzara joan gaitezke oinez, eta bestetik Izazpi mendira. Uztaileko bigarren igandean, jai giroan pasatzen dute eguna bertan ezkiotarrek.