Kizkitza

Kizkitza

 
 

664 m-ko altueran dago, 1622an eraiki zen, eta izen bereko mendi tontorrean dago. Mandubia gainetik, nahiz Ezkio eta Itsasoko herriguneetatik iritsi gaitezke bertara.

KizkitzaGipuzkoako barnealdean egonagatik, itsasoarekin lotura handia dute, bai ermitak eta baita bertako ama birjinak ere. Historiaren arabera, lotura hau aspaldi sortua da, inguruko basoetako egurra itsasontzien eraikuntzarako ustiatzen zelako. Gaur egungo itsas faroa Tarifako portutik ekarria da, eta 1962an ezarri zen, sute baten ondoren ermita eraberritu zenean. Dirudienez, lehenago ere bazen itsas faro bat, egurra ustiatzen zuten ontziolek oparitua, baina autore guztiak ez dira ados jartzen hau baieztatzerakoan. Itsasoarekiko lotura hau ermitaren egiturari berari eta inguruko elementuen kokapenari begiratuta ere antzeman daiteke, itsasontzi baten itxura imitatzen baitute.


Diotenez, ermita honetako lehenbiziko ama birjinaren irudia ingurune honetan aurkitu eta herrira eraman zuten. Ikusirik irudia desagertu eta berriro hasieran aurkitu zuten tokian agertzen zela, bertan baseliza bat eraikitzea erabaki zuten bizilagunek.

1818an Ezkioko “Juan Yon de Aranzady” parrokoak informe bat egin zuen Kizkitzari buruz, Iruñako gotzainak eskatuta. Ermitaren egoera kaxkarra azaltzeaz gain, aipatzen du ermitak Alegiako Magdalena elizarekin duen zorra ez duela ordaindu, eta ez duela ordaintzeko aukerarik. Bestalde, erromeriako egunean dantza publiko lizunak, borrokak eta eztabaidak izaten direla salatzen du. Informe hau kontuan hartuta, ermita eraisteko agindu zuen Iruñako gotzaindegiak 1820an, bere materialekin lortzen den dirua Magdalena elizarekin duen zorra kitatzeko, eta ama birjinaren irudia parrokiara jaisteko.

Kizkitza

Irudia jaitsi zuten elizara, baina handik gutxira Kizkitzarako bidean agertu zen zuhaitz baten ondoan. Jendeak miraritzat hartu zuen, eta prozesio batean Kizkitzara itzuli zuten. 30 urte geroago herriko bi gaztek aitortu zuten beraiek utzi zutela zuhaitzaren ondoan. Kizkitzaraino eramateko asmoa zuten baina bidean beldurtu egin zirelako utzi zuten bertan.
Dirudienez, lehenengo irudi hau bigarren guda karlistan desagertu zen. Ondoren beste irudi bat ipini zen, baina behin berriztatzera eraman eta ez zen gehiago azaldu.
Hirugarren irudia jantzitako ama birjina izan zen. 1959ko abenduaren 28ko suteak baseliza erabat hondatu zuen, baina irudia ez zen hondatu (gaur egun Itsasoko elizan dago jasota irudi hau).
1962an baseliza berreraiki zenean, XVII. mendekoa den Arrosarioko ama birjinaren irudia jarri zen aldare nagusian, egurrezko itsasontzi baten gainean. Dirudienez, ama birjinaren irudi hau Itsasoko parrokian zegoen prozesio irudia da.
Ingurune hau Itsasoko biztanleek gestionatu dute historian zehar, gaur egunera arte mantendu diren hitzarmen, arau eta antzinako lan-moduen bitartez. Pagadia Itsasoko zenbait familiak landatu zuten, eta bertako egurra ustiatzeko eskubidea familia hauek izan dute, jatorrizko baserriko jarduerari eusteko baldintzarekin. Bestalde, auzolana funtsezkoa eta ezinbestekoa izan da ermita eta ingurunea mantentzeko, sutearen ondorengo berreraikitze osoa barne.
XX. mendearen erdira arte, ohitura zen Ostegun santuan parrokiatik baselizara prozesioa egitea; gero Kizkitzatik San Lorentzo ermitara jaitsi eta hemen arrosarioa errezatzen zen eta azken funtzioa Itsason egiten zen. Gaur egun hiru meza ematen dira bertan: Pazko egunean arratsaldez, irailaren 8an (eskualdean sona handia duen erromeria ospatzen da), eta honen ondorengo igandean, arratsaldez.