Historia

Historia

Ezkiori buruz dugun lehen berria 1385eko urriaren 29koa da, herri txiki bat besterik ez zenean, Urretxuko hiriari gehitu zitzaionekoa. Honen ondorioz, Segurak zenbait titulu eta eskubide eskatzen zizkion Urretxuri, eta auziak sortu ziren bi hirien artean. Iskanbila hau konpontzeko izendatutako epaileek Segurak arrazoia zuela adierazi zuten, eta 1405eko uztailaren 15ean Enrike III.ak erabaki hori baieztatu zuen. Honenbestez, Ezkio Segurari gehitu zitzaion 1441eko urriaren 8an. Bien arteko banaketa ez dakigu, ordea, noiz gertatu zen.

 

Baina XVI. mende hasieran, Ezkio Areriako Alkatetza Nagusiaren partaide da, eta 1661eko martxoaren 13an banatu zen, Gipuzkoako beste hiriak bezala, errege-pribilegioak lortu zituelako. Alkate eta Udal propioak izendatzeko eskumena ere lortu zuen.

 

1663an,  Gabiria eta Zumarragarekin beste elkarketa bat burutu zuen: Argisaoko Santa Krutz Batasuna (Unión de Santa Cruz de Arguisano). 1663ko ekainaren 30ean sinatu zuten eratze-akordioa, Gipuzkoako Batzarretara ordezkaria bidaltzeak sortzen zituen gastuak murrizteko. 24 urtero berritu zuten batasun-hitzarmena hiru herriek, 1766ra arte.  

1665eko abenduaren 29an, esaterako, Argisaoko Santa Krutz elkargoan zeuden Gabiriak, Ezkiok eta Zumarragak laguntasun-agiria (“escritura de concordia”) sinatu zuten, gerra-garaietan tertzioen ofizialak izendatzeko eta zerbitzu militarrak zehazteko ituna eginez.

 

Konbentzio Gudan 77 gizonez osatutako konpainia sortu zen Ezkion, eta Arrasaten borrokatu zen, Juan Antonio Elizalde eskribauaren agintepean. Ezkiori jarraituz, inguruko herriak ere animatu egin ziren, frantses armadaren aurrerapena gelditu asmoz.

 

Santa Luzia feriak antzinatasun handia du, eta badakigu duela ehunka urte Ezkion egiten zela. Hasiera batean Anduaga bailaran egiten zen eta bertara etortzen ziren Goierriko baserritarrak beren tratuak egin asmoz.

 

Garai hartan, feria abenduaren zortzi eta hamahiru artean egiten zen, eta eguraldi gogorrari aurre egiteko, salerosleak izen bereko ermitan biltzen ziren, gauak bertan igaroz. Salmentak ere ermitaren estalpean egiten zituzten baserritarrek. Feria abenduan egiteak bazituen bere arrazoiak: besteak beste, hilabete horretan uzta baserrietan jasota egotea eta, ganaduaren elikadura salbu, abeltzaintzan lanik ez egotea.

 

1726. urtera arte ez dago feriaren erreferentzia argirik; badakigu urte horretan Iruñeko gotzaina Ezkiotik igaro zela eta, gizon-emakumeek gauak ermitan ematen zituztela ikusita, feria bertan egitearen aurka azaldu zela.

 

Gipuzkoako Batzar Orokorrak gotzainaren alde azaldu ziren eta Urretxuk feria bertan antolatzeko eskakizuna egin ondoren, 1727an Felipe II.ak emandako aginduaren bidez, Santa Luzia jaia Urretxura eraman zen.
 

1931ko ekainaren 30ean, bertako Andres eta Antonia Bereziartua anai-arrebek, Anduaga aldean, Ama Birjina ikusi zutela adierazi zuten. Haurrek zazpi eta hamaika urte zituzten, hurrenez hurren, eta gertaerek beste hainbat tokitan, esaterako Fatiman eta Lourdesen, izandako agerkundeen antzekotasun handia zuten. Berria berehala zabaldu zen, eta ondorioz jende ugari etorri zen Ezkiora erromes, lehen urte hartan milioi bat inguru.

 

Ezkioko  agerraldiek mugak zeharkatu zituzten. Horren lekuko Starkie Walter irlandar katoliko hispanistak 1936an argitaraturiko Spanish Raggle-Taggle liburuan esandakoak; edo berrikiago William A. Christian Jr estatubatuar antropologoak idatzitako “Visionaries, The Spanish Republic and the Reign of Christ” (gazt. itzul.: Los visionarios: la República española y el Reino de Cristo”).

 

1934an Ezkio toki debekatu bihurtu zen, bai errepublikanoentzat, bai Erromatar Eliza Katolikoarentzat, Mateo Muxika apezpikuaren aginduz; ordutik aurrera, oso jende gutxi hurbildu zen bertara.
 

1965ean Ezkio eta Itsaso herriak batzean, Ezkio-Itsaso udalerria osatu zuten. 2017an, ordea, herritarren parte-hartze prozesu baten ondorioz, berriro bi herriak banatzea onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak.

 

Ezkioko seme ospetsuen artean aipatzekoak dira, besteak beste, Anduaga familiakoak, errege-erreginen kontseilariak izandakoak; Aranzeaga zalditeriako kapitaina eta 1680an Santiago ordenako zalduna; beste kaparea, Zubiaurre familiakoa, Santiagoko ordenakoa eta Madrilen bere izena daraman maiztergoaren sortzailea; Martin Aranburu lizentziatua, Toledoko razioneroa eta 1609. urtean Inkisizioaren Kontseilu Goreneko kontalaria.