Atxurtzaga

Atxurzaga

 
 
Mandubizelai

Ezkioko herrigunetik, pilotaleku eta elizaren arteko bidetik, Santa Marina ermitara igo, segi oso gertu dagoen ur-depositura eta handik, ezkerreko bidean gora, Atxurtzagara iritsiko gara (633 m). Atxurtzagatik ezkerraldera Izazpira igotzeko bidea har daiteke, eta eskuinaldetik Berotegi-Kizkitza-Mandubia-Murumendi aldera jo daiteke.

Atxurtzaga mendizale askoren topagune izaten da urte osoan, eta ezkiotarren biltoki berezia urtero uztailaren bigarren igandean. Bertan mahaiak eta iturri ederra daudelarik, paraje ederra da mokadu edo otordutxo bat egiteko. Udazkenean, uso-paserako lekua izanik, ehiztarien postuak kokatzen dira bertan.

Izazpi (972m) eta Mandubiagaina (570m) lotzen dituen mendi-lerroak lurraldea bi isurialdetan banatzen du: iparraldea giza eragin urriarekin, eta hegoaldea, bertan daudelarik populaturiko guneak. Lurralde gehiena baso-ustiaketarako koniferek betetzen dute; baina gailurren aldeetan eta Kizkitzako baselizaren eta trikuharriaren inguruetan berezko landaretzaren adibide garbiak daude: Kizkitza inguratzen duen pagadi kaltzikola (Fagus sylvatica), lurra tuparritsua baita, eta hareharria azaltzen den lekuetan, berriz, harizti azidofiloak (Quercus robur).

Gune hau fauna aldetik interesa duen Murumendi-Izazpi eremuaren barruan kokatua dago, Euskal Herriko Ornodunen Atlasean bildurikoa, ondo egituraturik dauden ornodun-komunitate eta interesa dute espezie batzuk daudelako bertan: okil txikia, gabiraia, mirotz zuria…