Anduaga Zelai
Amabirjinaren ustezko agerkundeak · Anduaga Zelai
Oso entzunak dira Ezkioko Ama Birjinaren ustezko agerraldiak. 1931. urteko ekainaren 29an, Espainiako II. Errepublika aldarrikatu eta bi hilabetera, agertu omen zitzaien lehen aldiz Ama Birjina Anduaga auzoko bi haurri, Bereziartua anai-arrebei.
Fenomeno hura gorpuztu eta handiagotu egin zen masa-fenomeno bihurtuz. Ikusleak gehituz joan ziren eta haiengan sinesten zutenak ere bai. Anduaga zelaian jendetza handiak bildu ziren: milioi bat lagun 1931n bakarrik! Han ikuspenak, trantze edo estasi kolektiboak eta abar izan ziren, eta zabaldutako mezu edo iragarpenen artean Espainian gerra zibila izango zela katolikoen eta katoliko ez zirenen artean.
Starkie-k, Irlandako hispanista katolikoak, gertakariak puri-purian zeudela bisitatu zituen Ezkio aldeak, eta bere "Spanish Raggle-Taggle" liburuan atal oso bat eskaini zien jasotako lekukotasun edo testigantzei.
Inguruko kontakizunak entzun ondoren, Starkie aski konbentziturik zegoen zenbait tradizionalista eta eskuindar politikoki manipulatzen ari zirela Ezkioko gertakaria.
1933ko ekainaren 10ean inguru honetan eliza bat eraikitzea eskatu zen, baina ez zen baimenik iritsi. Are gehiago, hilabeteak igaro ahala, bai Eliza Katolikoko hierarkiak eta bai Errepublikako gobernuak kontrako jarrera areagotu zuten eta debeku, zigor eta abarren bidez mugimendu hura itzaltzen eta isilarazten saiatu ziren, baita neurri handi batean lortu ere, nahiz eta oraindik ez diren erabat desagertu gertakizun haren oihartzunak.
Gaur egungo Herri Eskola eta Goza ostatua dauden eraikinaren atzean dago ustezko agerkundeen jatorrizko lekua, eta urte askotan ahaztu samar egon bada ere, gaur egun hileko bigarren igandean jendea biltzen da bertan. Duela denbora gutxi aterpe bat egin eta aurreko aldeko paretan Ama Birjinaren irudia jarri dute.
Honetaz guztiaz gaur egun ezinbestekoa da William A. Christian Jr. (Northampton, Massachusetts, 1944) antropologoak argitaratutako lan sakon, zehatz eta orekatua: Visionaries, The Spanish Republic and the Reign of Christ, University of California Press, 1996 (Las visiones de Ezkioga. La Segunda República y el Reino de Cristo. Ariel argit., Bartzelona, 1997)