Web edukia bistaratu

Historia

Ezkio-Itsaso 1965.urtean sortu zen, ordura arte bi udalerri ziren Ezkio eta Itsaso elkartu zirenean.
Ezkiori buruz dugun lehen berria 1385ko urriaren 29koa da, herri txiki bat besterik ez zenean, Urretxuko hiriari gehitu zitzaionekoa. Honen ondorioz, Segurak zenbait titulu eta eskubide eskatzen zizkion Urretxuri, eta auziak sortu ziren bi hirien artean. Iskanbila hau konpontzeko izendatutako epaileek Segurak arrazoia zuela adierazi zuten, eta 1405. urtean Henrike III.ak erabaki hori baieztatu zuen. Honenbestez, Ezkio Segurari gehitu zitzaion 1441ean. Bien arteko banaketa ez dakigu, ordea, noiz gertatu zen.
Baina, XVI. mende hasieran, Ezkio Areriako Alkatetza Nagusiaren partaide da, eta 1661eko martxoaren 13an banatu zen, Gipuzkoako beste hiriak bezala, errege-pribilegioak lortu zituelako.

Konbentzio Gudan 77 gizonez osatutako konpainia sortu zen Ezkion, eta Arrasaten burrukatu zuen, Juan Antonio Elizalde eskribauaren agintepean. Ezkiori jarraituz, inguruko herriak ere animatu egin ziren, frantses armadaren aurrerapena gelditu asmoz.

Itsaso izena agiri batean azaltzen da lehen aldiz; bertan, herritarrek kexak azatzen zizkioten Henrike III.a erregeari, zergabiltzaileek 1399an burututako kontraforuak zirela eta, jokaera horiek desagertzeko eskatuz. Henrike IV.ak Itsaso izendatu zuten 1461. urtean, Areriako Alkatetza osatzen zuten herriei beraien alkate nagusia hautatzeko eskubidea emanez. Itsaso eta Arriaranek bakoitzak bere aldetik hartu zuten parte alkate nagusiaren hautaketarako txandetan. Baina, 1658. urtetik aurrera, Itsaso Areriako Alkatetza Nagusiko ordezkari izan zen. 1692. urterako, berriz,Itsaso Arriarani elkartu zitzaion, eta udalerri bakarra sortu zen bien artean. Beranduago bi herriak banatu egin ziren arren, biak Areriako Alkatetza nagusiko partaide ziren.

 

Santa Lutzitako feriak antzinatasun handia du, eta badakigu duela ehunka urte ospatzen zela Ezkion. Hasiera batean Anduaga bailaran egiten zen eta bertara joaten ziren Goierriko baserritarrak beraien tratuak egin asmoz.
Garai hartan, feria abenduaren zortzi eta hamairuaren artean egiten zen eta ferianteak bertako ermita batean biltzen ziren eguraldi gogorrari aurre egiteko, gauak bertan igaroz. Salmentak ere ermitaren estalpean egiten zituzten baserritarrek. Feria abenduan egiteak bazituen bere arrazoiak, besteak beste hilabete horretan uzta baserrietan jasota zegoela, eta behien elikadura salbuespen, abeltzantza lanik ez zegoela.

1726. urtera arte ez dago feriaren erreferentzia argirik; bakadigu urte horretan Iruñeko gotzaia Ezkiotik igaro eta emakume eta gizonezkoak gauak ermitan egiten zituztela ikusita, feria bertan ospatzearen aurka azaldu zela.

Gipuzkoako Batzar Orokorrak gotzaiaren alde azaldu ziren eta Urretxuk feria bertan antolatzeko eskakizuna egin ondoren, 1727an Felipe II.ak emandako aginduaren bidez, Santa Lutziko jaia Urretxura eraman zen.

Gaur egungo Santa Lutzi-Anduaga eta Alegi auzoak beranduago sortu ziren, Erdi Aroaren erdialdean. Garai hartan, ondorengo auzoak zeuden: Ezkio eta bere auzoa, Santa Lutzi-Anduaga, alde batetik, eta Itsaso eta bere auzoak ziren Alegi, Mandubi, Arriaran eta Matximentako zati bat, bestetik. 1927. urtean Arriaran Beasain izatera igaro zen.

Ezkiori buruz hitzegiterakoan oso entzunak dira Ezkioko agerpenak. 1931. urteko ekainaren 30ean "ikusi" zuten lehen aldiz "Ama Birjina" Bereziartua anai-arrebek.

Ezkion milaka lagun biltzen ziren erromesaldi eta kontzentrazioak hasi zirenean. Berauetako askok espasmoak, histeria-erasoak eta konorte-galtzeak izan zituzten.

 

Starkie, Irlandako hispanista katolikoak begitazioak puri-purian zeudela bisitatu zituen Ezkio-aldeak, eta "Spanish Raggle-Taggle" bere liburuan atal oso bat eskaini zien jasotako lekukotasun edo testigantzei.

Starkie, inguruko kontakizunak entzun ondoren, aski konbentzituta zegoen zenbait tradizionalista eta eskuindar palanka politikotzat erabiltzen ari zirela Ezkioko gertakaria.
 

1933ko ekainaren 10ean Ezkion basilika bat egitea debekatu zuten, eta irailean behin betiko gaitzespena iritsi zen. Beraz, 1934. urteaz geeroztik, elizak eta Ererpublikak toki debekatu bihurtu zuen Ezkio, eta oso jende gutxi joaten zen bertara. 1865. urtean, Ezkio eta Itsaso elkartu egin ziren, Ezkio-Itsaso izena hartuz eta Udal bakar gisa funtzionatuz.

Ezkioko seme ospetsuen artean aipatzekoak dira, besteak beste, Anduaga familiakoak, erregeen kontseilariak izandakoak; Aranzeaga zalditeria kapitaina eta 1680ko Santiago ordenako zalduna; beste kaparea, Zubiaurre familiakoa, Santiagoko ordenakoa eta Madrilen bere izena daraman maiztergoaren sortzailea; Martin Aranburu lizentziatua, Toledoko razioneroa eta 1609. urteko inkisizio kontseilu goreneko kontalaria.

 

BERNARDO ETXALUZE

Armada nazionaleko mariskala, zenbait gurutzekin kondekoratua, Independentzia Gudan borrokatu zuen, Gipuzkoako borondatezko batailoietan hasi zen, Gaspar de Jauregiren esanetara. Mariskala izateaz gain, guda eta itsas auzitegi ministroa ere izan zen.